http://www.ee.ed.ac.uk/~ja/tales.html
Ipuin eta Mitoak
--------------------------------------------------------------------------------
Kaixo,
Ongi etorriak ipuin eta mitoen txoko honetara. Orrialde hontan ezagutzera
ditudan ipuin eta historien berri ematen dut handik eta hemendik lortuak.
Hasiera, nere lagun Jonmikel Insausti lazkaotarrak Ataungo San Martin auzoan
ospatzen den Jentilen etorrerari buruz idatzitako testu batekin eman nahi nuke.
Ataungo Jentillen Etorrera
Badira dira 15 urte Ataunen Jentillen etorrera ospatzen dutela. Jentillen
Etorrera herri-antzerkiak Jentilei buruzko mitoak ezagutarazi nahi ditu,
Joxemiel Barandiaran ikerlariak bere herrian jasotakoak, hain zuzen. Bada,
herritik oso gertu dagoen erdi-aroko kastro edo gotorleku bat Jentilbaratz
izenekoa. Handik jaitsi ziren Jentilak, menditik, ardi-larruz jantzita eta oso
txima (ile) luzeak eramanez. Arratetatik datorren bidetik etorri ziren, ilundu
ondoren, suziriak eskuan argia emanez.
Egun honetan, San Martingo elizaren istorioa antzeztu zuten. Orain dela urte
asko, Jentilak eta Kristauak San Martingo eliz berria eraikitzeko akordio batera
iritsi ziren; hala ere, Jentilek ibaiaren ondoan egin nahi zuten bitartean,
kristauek Mandiolan (mendian gora dagoen gune bat) egitea nahi zuten.
Kristauek hasi ziren harriak mendira igotzen, pixkanaka pixkanaka, harriak
handiak eta pisutsuak zirelako. Baina, gauero, egunez egindako guztia deseginda
azaltzen zen berriro herrian, ibaiaren inguruan. Berriro, egunez lan egiten
zuten kristauek, eta gauez euren lana deseginda azaltzen zen.
Azkenik, Jentilen egoskokeria zela eta, ibaiaren ondoan egin zuten eliza, eta
hor datza gaur egun San Martingoa.
A ze herri antzerki lan ederra! Antzerki herrikoia, herriko 25 bat lagunek parte
hartu zutelarik. Antzerkia antzeztu ondoren, Doroteo Barandiaran, azkeneko 10
urteetan antzerkian algoazil moduan lan egiteagatik omendu zuten; hor zebilen
kalean gora eta kalean behera, turuta eskuan ozenki esanez "BANDO BANDO
BANDO, JENTILAK ETORRI DIRA INOIZ BAINO GEHIAGO ... BANDO BANDO BANDO, ALKATEAK
ISILIK EGOTEKO ESANDO"
Antzerki herrikoia. Bertan azaltzen ziren pertsonaiak, Alkatea eta Alkatesa,
Mikeleteak, Sorginak, Jostunak, Perratzaileak, Baserritarrak, Tartalo, Atarrabi
eta bere emaztea, Mikelats, Jentil harroa, San Martin Txiki, Mateo-Txistu apaiza
(Jose Ramon "Marron" Agirre euskal goimendizaleak antzestua),
algoazila, haur pare bat eta apaiza, benetan paper ezin hobean. Zertxobaitekin
konparatzerakoan, Zuberoako Maskaradetan-edo dagoen giroa gogora ekarri zidan,
festa herrikoia da-eta.
PD: Jentille, Jente hille ... esan zuen Ataundar batek Arratetarako
bidegurutzean jentilen zai geundenean ...