Antonio Mendizabal (Psikiatra eta idazlea)
ETA eskumikatzea 2.001.4.26an (Egunkari gorrian)
Orain ETA eskumikatzea bururatu zaie, haien alde hileta elizkizunik ere ez egitea. Antza, iradokizuna edo nahia besterik ez da izan, ez baitirudi gauzatuko denik. Ez al dakite, bada, euskaldun guztiak aspaldi eskumikatu gintuztela? Baskonia osatzen zuten Akitania eta Nafarroako herritarrak eskumikatuak izan ziren, eta eskumikatuta jarraitzen dugu, ez baita Akta hura oraino hautsi.
1179an sinatu zuten, Alexandro III.a Summus Pontifex-ak deitutako Letrango III.
kontzilioan. Zisma egon zen bertan. Alexandrorekin batera beste Summus Pontifex
bat izendatu zuten konklabean, Viktor IV.a. Biek boterea lortzeko borrokan
jardun zuten, Federiko Bizargorria bereganatu, eta enperadore eta Ezpata
sakratuaren gidari egiteko.
Erromatar Inperio zaharra berpiztu nahi zuten beste izen bat emanez: Erromatar-Germaniar
Inperio Santua. Kontua aspaldikoa zen; Gregorio I.ak, San Gregorio Handiak,
Erromako Inperio dekadentea antolatu eta berrezarri nahi zuen. Konstantinok
Konstantinoplara eramana zuen hiriburua, eta Herri Inperiala probintziako herri
zahar eta zarpaila bihurtu zen. Gregoriok berak esan zuen ez zekiela bere
egiteko sakratua eta printzearena bereizten. 600. urte ingurua zen.
Haren ondorengoak, Gregorio II.ak, ez zuen Bizantziorekin zuten kontzertu
ekonomikoa ordaindu nahi izan, eta Erromako herriarekin batera, ogasuneko
mandatarietako bat kartzelatu eta bestea hil egin zuten. Aita Santuak bere burua
Duce edo Duke izendatu zuen. Gregorio II.aren ondorengoak, Esteban II.ak, Estatu
Pontifikalak izango zirenak konkistatu zituen, eta Erromako Errepublika izena
emanez, bere burua Presidente izendatu zuen. 750. urte ingurua izango zen orduan.
Adriano I.ak Konstantinoren Dohaintza izeneko testamentua aurkitu zuela esan
zuen, baina berak asmatua zen. Testamentu horretan idatzi zutenez, Konstantinok,
337an hil zenean, Aitasantutzari utzi zion Inperioko Mendebaldea, hots,
Portugal, Hispania, Galia, Italia, Germania eta abar. Horretaz gain baita
Erromako Letran jauregi inperiala eta ornamentu inperial guztiak ere: mitra,
infulak, frigioa (urrearekin bordatutako kapa purpura), tronua eta Aita
Santuaren ornamentu guztiak.
770ean Karlomagnok, Adrianoren agindupean, Konstantinoren Dohaintza Omnibus
modis, baliabide guztiak erabiliz, alegia, berreskuratzea erabaki zuen.
Tortura erabiltzea ere zilegi zen Leon III.ak, San Leonek, esan zuenez.
Enperadore apaina, bataioa hartu nahi ez zuen edonor, baraurik egin nahi ez
zutenak edo gorpuak erretzen zituztenak akabatzeko prest zegoen. Hori da
katolizismoa, eta ez beste ezer.
Beti gertatu ohi den bezala, San Gregoriok ere, bere burua printze egin zuenetik,
jarraitzaileak eta aurkariak izan zituen. Aurkarien artean gehien protestatu
zutenak eta berearekin jarraitu nahi izan zutenak Pirinioetako herritarrak izan
ziren.
Guztiok dakigu zer gertatu zitzaion Karlomagnori 778an Pirinioak zeharkatzen
saiatu zenean. Galia hedatzera omen zetorren, baina badakigu, nahiz eta
ezkutatzen saiatu diren, Adriano I.a aita santua buru zuen Inperio Santua
berriro ezartzera etorri zela. Hala jarraitu zuen historiak aurrera 1179a arte.
Garai hartan Vatikanoko ustelkeria izugarrizkoa zen. Elizak "Burdinazko"
mendeak gisa izendatu zituen urte haiek Elizaren jarrera ustela eta onartezina
zela-eta. Herriak, bitartean, bere martxan jarraitzen zuen.
Pirinioak Albin egin zituen ondorengo kontzilioak, Garonako Tolosaren ondoan
dagoen herrian. Baskonia osoak hartu zuen parte kontzilio haietan. Baskoniak
iparraldean Akitania eta Tolosako Departamentuak zuen izena, eta hegoaldean
Nafarroa. Kontzilioetan sortutako ideologiari albitar izena eman zioten; hainbat
sektorek hartu zuen parte: Kataroek, Gizon Onek, Baldotarrek eta abar.
Zisma eta Alexandro III.a eta Viktor IV.aren arteko gerra —biak
Bizargorrirekin— gori-gorian, Bresciako Arnaldo albitarrak piztu zuen
eskandalua. Alexandro III.ak, Bizargorri enperadore izendatzeko baldintza gisa
Arnaldo harrapatzea ezarri zuen. Eta hala gertatu zen; harrapatu, lepoa moztu
eta erre egin zuten. Haren errautsak Tiberrera bota zituzten, gogoratzeko
aztarnarik gera ez zedin. Eta Aita Santuak Bizargorri enperadore egin zuen.
Gero, Alexandro III.ak kontziliora deitu zuen Letrango jauregian; 300 gotzainek
hartu zuten parte. 1179. urtea zen.
Baskonia osatzen zuten Akitania eta Garonako Tolosako departamentuak (Okzitania)
madarikatu egin zituzten (nafarrak aragoiarrak, euskaldunak eta tolosarrak ziren
lurralde haietako herritarrak). Haietaz gain, brabantiarrak, triberdiarrak eta
beste batzuk ere madarikatu zituzten, guztiak dotrina albitarra, kataroa, gizon
onena eta abarren jarraitzaile zirelako.
Laburbilduz, Alexandro II.ak Erromatar Inperioa berriro ezartzea zuen helburu,
Santu izena ezarri bazioten ere.
Gurutzada sortu zen aurkarien arten. Santxo VI.a Jakintsua zen Nafarroako errege
1150ean. Ondoren gertatutako guztia gero Protestantismo izenaz ezagutuko zenaren
jatorria izan zen. Debekatuta zegoen sarrazenoekin harremanik izatea, eta are
gehiago juduekin. Nafarroako erregeak, ordea, harreman diplomatikoak zituen
arabiarrekin eta juduei forua eman zien.
Albitar guztiak ondasun eta lurrik gabe gelditzen ziren, okupatzen zituenaren
esku, eta horretarako zilegi zen armak eta tortura erabiltzea, San Leon III.a
Handiak esan bezala. Gainerakoa ezaguna da. Aragoi konbertitu egin zen eta
Gaztelak Nafarroa konkistatzeari ekin zion. Hori egin ezean haiek ere eskumikatu
egingo zituzten, eta katolikoen menpe geratuko ziren. Hala konkistatu zuten
Itsasaldeko Nafarroa 1200ean.
Ez da egia, beraz, historialariek esaten dutena, Nafarroa Gaztelakoen eta
Aragoikoen handi nahiek konkistatu zutela. Konkista eskumikatuak izatearen
mehatxupean egin zuten, eta ondasun guztiak eta lur guztiak galtzearen
mehatxupean. Halabeharrez egin behar izan zuten.
1208az geroztik Aita Santuaren Armada berriro altxa zen, eta kataroen aurkako
gurutzadari ekin zion. XIII. mendean anatemizatu eta hil egin zituzten gehienak,
haurrak eta agureak barne; baita haien herriak ere: Garonako Tolosa, Beziers,
Carcasona eta bertako gazteluak: Montsegur mitikoa, Muret… Gainerakoa nahikoa
ezaguna da; Nafarroan eta Baskonian mundu zibilizatuaren betiko demokraziaren
genea gelditu dela esan genezake.
Orreaga 778