Gaia: Euskarak sexua aldatzen digu
Ahur larru gorriak (32.002-4-16an):
Jakina da lurra, eguzkia, ilargia, izarrak,
itsasoa, ibaiak, ura, mendiak, basoak...emeak direla, euskaraz behinipin.
Arrok ezer gutxirako balio dugu euskaraz, lan egiteko bakarrik. Bizitza emea
da. Adibidez artzainek ardiak dituzte, ez dituzte ahariak, ahari batzuk
izanagatik. Abeltzainek behiak dituzte edo behorrak eta ez zezenak edo
zaldiak. Beste batzuk oiloak eta ez oilarrak, zerramak...
Okerrena dator, urruxa (emea) izorratzen denean eta
bizitarako (ugaltzeko) balio ez duenean, euskarak gainera sexua aldatu eta ar
bihurtzen du; urruxa akaztuta (matxorra) badago edo gizentzeko badago, zekorra
bihurtzen da eta zekorrak "arrak" dira, batzuk urruxak izan arren. Moxalak
gizentzeko badaude zaldiak (ar) bihurtzen dira.
Ehiza emea da, euskarak ugaldu nahi duelako, basurdeak,
oreinak, orkatzak, usoak, eperrak, erbiak, galeperrak, saiak...baina beldurra
eta kalte egiten diguten piztiek, ar bihurtzen ditu euskarak. Urtetan ibili
naiz otsoen atzetik ehizaldietan
eta guztiak (ikusi gabe) arrak ziren, ardiak gupidarik gabe hil egiten
zituztelako, behin bat epaiketarik gabe hil genuen arte, harriturik otso eme
gazte bat zen...Beste otso beltz batek ihes egin zigun urrutitik ikusi eta
gero, potroak inork ez zizkion ikusi baina arra zen guztientzat.
Gaiztoa bada, kalte, arrisku, beldurra ematen
badigu, errespetua...euskarak ar (beltza) bihurtzen du. Ona, babesa,
etorkizuna, ezinbestekoa bada, euskarak eme (urruxa gorri/beltz) bihurtzen du.
Beltza bada eta babesten bagaitu derrigorrez emea
behar du izan, euskaraz behinipin.