|
Espainiar Estatuak Batasuna ilegaltzat jo du Arnaldo Otegi: “Aldaketa politikoa egia bilaka dadin ezker abertzaleak borrokan segituko du” Gaurko espainiar Auzitegi Gorenaren epaiak ez du inor harritu. Are, 2002ko udazkenaz geroztik irekitako prozesua ‘iragarritako ilegalizazio baten kronika’ izendatu dute askok eta askok, gaurko epai juridikoak espainiar Estatuak aspaldi hartutako erabaki politikoari itxura legala baino ez baitio eman. Arnaldo Otegi, Batasunako eledunaren hitzetan, “sententzia exekutiboak idatzita zegoen aspalditik, eta orain rubrika juridikoa eman diote”. Batasunaren legez kanporatzea ez da isolaturik etorri den erasoa; oso nabarmen geratzen ari den estrategia baten baitako beste urrats bat baizik. Azken asteoi begiratzearekin soilik Euskal Herrian demokraziarik ez dagoela eta, aitzitik, euskal herritarren eskubideen zanpaketa eguneroko ogia dela argi geratzen da. Estrategia orokor horren baitan, ordea, PPko Gobernuak ezker abertzalearen ilegalizazioa lehentasun gisa ezarri du. Otegiren iritziz, horren arrazoia “ezker abertzaleak besteek ez duten hiru gauza” dituela da. “Badu herri honentzako proiektu argi bat –ezkertiarra eta independentista dena-; badu estrategia argi bat –eraikuntza nazionalerako estrategia, alegia; eta badu ere herri honetan ilusioa berpizteko gaitasuna”, azaltzen du. Edonola ere, Batasunako mahaikideak ekinbide errepresibo honen azken helburua “aldaketa politikoaren, esperantzaren, bake iraunkorraren, autodeterminazio eskubidearen, demokraziaren eta Euskal Herriaren aurka egitea” dela azpimarratzen du. “Oraina eta geroa, ordea, konfidantza osoz ikusi behar dira” berresten du Arnaldo Otegik, Euskal Herri osoan aldaketa politikoaren inguruan ematen ari den eztabaida “irabazita” dagoela sinestuta baitago. Horregatik, aldaketa politikoa egia bilaka dadin, ezker abertzaleak borrokan segituko duela argi utzi du. “Gure herriko gehiengo politiko, sozial eta sindikalak -erritmo eta zenbaitetan eduki ezberdinekin baina, oro har, antzeko koordenadetan- bat dator hainbat gauzatan: Euskal Herria herri bat da, Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea du, gure herria bertebratzeko eskubidea dugu, instituzio berriak behar dira, status politiko berri bat; eta horrek guztiak lagundu egin behar du Euskal Herriak Europan ahots propioa eduki dezan”. “Espainiar eta frantziar Estatuek badakite hori –gaineratzen du-, herri honetan gehiengo bat dagoela euskalduna sentitzen dena, euskaldun bezala bizi, lan egin eta euskaldun bezala ere erabaki nahi duena. Kontzientzia nazionala, gainera, inoiz baino handiagoa da, lurraldetasunaren inguruko irizpidea inoiz baino argiagoa da eta politikoki benetako eztabaida bat egiten ari da, hau da: edo burujabeak gara edo ez”. Testuinguru honetan, beraz, ezker abertzalearen kriminalizazioa “ez da kasualitatea” bere irudiko. “Premiazkoa den aldaketa politikoa martxan da Euskal Herrian, eta horretarako baldintzak begi bistakoak dira. Hain justu, aldaketa politikoa gauzatzea da estatuek, nola edo hala, saihestu nahi dutena”. Zentzu honetan, ezker abertzaleak hein handi batean eztabaida horri bide eman diolako bere aurka ekiten dutela uste du Arnaldok. “Ezker abertzaleak eztabaida politiko nazionala oinarri horietan kokatzea lortu duela ikusita, hori aldarrikatu duena mapa politikotik desagerrarazi nahi dute. Izan ere, bai baitakite ezker abertzalea gai dela askapen prozesua muturrera eraman eta herri hau burujabetzaren bidean jartzeko”. |
||
| Hizkuntza: euskara Data: 03/03/17 Arloa: Irakurketa politikoa Hitz-gakoak: Batasuna, Alderdien Legea, ilegalizazioa | ||
|