800 Hondarribia

Jose Ramón Enparan eta Jaime Anduaga (Hondarribia)

 

Aurten gogora dakarkigu Gaztelako Alfonso VIII.ak, 1203. urtean Hondarribia hiribildu izendatu izana baina Hondarribiaren historia ez da noski, urte horretan hasten.

 

Jakin berri dugu 5.000 urteko giza-hondakinak aurkitu dutela gure lurralde honetan.

 

Erromatar garaietan Ptolomeok eta Estrabonek lurralde hauetan bizi izan ziren jendeaz hitz egin zuten, baskoi izenekoak, hain zuzen.

 

Gerora, XII. Mendean, Santiago Bidean barrena zebilen  Aymeric Picaud frankoak, bere  Codex Calixtinus edo  Santiagorako Gida-liburuan hauexe idatzita utzi zuen:  “...euren hizkera entzutean zaunkarena datorkizu burur, eurena hizkuntza erabat petrala eta arlotea da.  Jainkoari, Urcia deitzen diote; Honen Amari, Andrea Maria; Ogiari, orgui; arduari, ardum: okelari, aragui; arrainari, araign; bizilekuari, echea;  etxeko jaunari, iaona eta honen emazteari,  andrea (...) benetan herri basatia dela, beste guztien aldera beren ohiturak era izakera direla eta  erabat ezberdinak dira...”

 

1200. urtean Gaztelako Alfonso VIII.ak  Nafarroako Antso VI.a Jakintsuak eraikitako  Nova Victoria (Gasteiz) konkistatu zuen eta honekin batera baita  Nafarroari zegozkion beste eskualde batzuk ere, hauen artean Hondarribia.

 

Konkista honen ondoren , Gaztelako erregeak, Sancto Sebastianoaren Nafarroako Forua berretsi eta lehendabiziko aldiz, Donostia ez zen herrixka bati eman zion, hau 1203ko “Carta Puebla” deritzon horren bidez gauzatu zen.

 

Urtebete beranduago, Alfonso VIII.ak  oso gaixo zegoelarik bere testamenduan zin egin zuen “Promitio etiam quod, si Deus dederit michi sanitatem, ego restituam regi Navarre omnia que teneo de ponte Araniello usque ad Fontem Rapidum, et Castella de Buraon, de Sancta Vicentio, de Toro, de Marannon, de Alcavar, de Sancta Cruce de Campego, villam de Antonnana et castellum de Atauri et de Portella de Cortes. Scio enim quod hec omnia predicta de Regno Regis Navarre debent esse et ad eum pertinere”

 

Hau da,  “Jainkoak osasuna emango balit, zin egiten dut Nafarroako erregeari   itzultzea Araniello zubitik Fuenterrabiaraino daukan guztia, zeren jakin badakit  esandako leku guzti hauek Nafarroako erresumarena direla eta beretzat izan behar direla...”

 

Ez zuen ordea, emandako hitza bete  eta osasuna, eskatu zuen bezala,  osasuna berreskuratu zuenerako ahaztu egin zuen promesa

 

Horrenbestez, “Carta Puebla”ren emate hau ez zen gertakari isolatu eta doakoa izan, Gaztelako eta Aragoiko erregeek Nafarroaren konkistan egindako lur-zatiketan ulertu behar da, Historiak hala dio eta.

 

 

 

Antonio de Nebrijak, gaztelerazko lehenengo  gramatikaren egileak, 1492. urtean hala dio: “ Ez bakarrik gure fedearen etsaiak, baita Espainarekin edozein harremani  ekiten dioten horiek ere,  hala bizkaitarrak eta nafarrak nola frantsesak eta italiarrak, den-denek  dute  Gaztelako hizkuntza ezagutzeko  betebeharra...”

 

Bestetik, Euskal Herria inoiz ez dela esistitu esaten digute zenbait espainol eta frantsesek.

 

1643. urtean, Axularrek  bere <Gero> liburuan,   honela dio:  “...ceren aunitz moldez  eta differentequi minçatcen baitdira euscal herrian: Naffarroa garayan, Naffarroa beheran, Çuberoan, Lapurdin, Biscayan, Guipuzcoan, Alaba –herrian eta bertçe aunitz leccutan...”

 

Gure historian zehar gertakari asko  jazo dira eta gure arteko elitearen portaera eta jokaerari buruzkoak ere argitu gabe daude oraindik.

 

Milaka urte igaro ondoren, euskarak, euskaldunok eta Euskal Herriak zutik irauten dute, frankoak, godoak, frantsesak eta espainolak bestelako ahaleginak  egin bazituzten eta badituzte ere ustez Europako hizkuntza eta herririk zaharrena ez da desagertuko.

 

Baina aurrera begiratu behar dugu, ez baita  iragan hobea behar duguna, etorkizun hobea baizik. Herritzat onesten gaituen etorkizuna alegia, non gure erabakiak libro eta inolako presiorik gabe hartzeko  eskubidea izango dugun, non  matxinada menpekotasunaren ondorioa izango ez den eta gure nazio-izaeraren errekonozimendu politikoaren bitartez, segurtasunean, demokrazian eta bakean aske biziko garen.

 

Nabarralde