Dominatuak, ez
domatuak
Iñaki Perurena (Harri-Jasotzailea)
Irunberriko guraso batekin hitz egin dut duela minutu batzuk. Bi sentimendu zeuzkan agerian. Alde batetik, amorrua eta ezina eta, bestetik, bihotza lehertzeko zorian jendearen gertutasuna eta lagundu nahia ikusita. Igandean, malkotan lehertutako guraso batek esan zidan: “saioa ez dago egiterik”. Ez zekien nondik nora jo. Hautsita zegoen. Sentsazio berezi bat izan nuen han ikusi eta bizitu nuenarekin. Han, Irunberrin, bazegoen handia, garbia eta ederra den benetako zerbait.
Bezperan, berriz, aurten bigarren aldiz, Donostia gainezkatu zuen jendetzak antzeko zerbait sentituz eman zituen pausoak. Ulertu ezinezko erasoari aurre egin nahian, ez zegoen lema gehiegirik; ez eta beharrik ere. Euskal Herri euskalduna aldarrikatzea harriak jasotzen dituen harri-jasotzaileaz aritzea bezala da. Ez dago harririk jasotzen ez duen harri-jasotzailerik baina, zoritxarrez, euskararik gabeko Euskal Herria nahi duenik bai, edo altxor bezala gordeta eduki nahi duenik.
Baztandarren Biltzarra zela eta aurtengo udaran Elizondoko sarreran jarri zuten: “Euskarak batzen gaitu”. Hara esaldi txiki batean euskararen handitasuna agerian. Hainbat ate irekitzeko bezainbat gauza ulertzeko balio duen giltza.
Irratiz entzuten nion Carlos Iturgaitzi larunbatekoa ez zela euskararen aldeko manifestazioa, bestela bera han egongo zela. Horra nola ulertzen dugun batzuok eta besteok euskararen alde egotea.
Zer aurkitu nahi dute Irunberrin euskara beren umeei eman nahi dieten gurasoek? Zeren bila dabiltza? Oso erraza da: bere nortasun galdua berreskuratu nahian; barkatu, gaizki esan dut, indarrez kendutakoa berreskuratu nahian. Hara hemen koska. Izan ere, jarraian datoz beste galderak: zer naiz? Zer ginen? Zer izan nahi dut? Izan naiteke ala ez? Zer neurritan? Nork neurtzen du nire eskubidea? Nork ireki eta ixten dizkit ateak? Hori al da euskaldun izatea? Horrela ezin dut naizena izan. Nortasuna aurkitu dut. Orain badakit nork kendu didan askatasuna, zeren lehen nezakeena orain ezin dut. Oihu egingo dut beraz. Lehengoa izan nahi dut. Nire buruaren jabea. Gehiegi eskatzen al dut? Hori al da nire bekatua? Zer esaten didazue? Konformatzeko? Garai txarragoak bazirela eta begiratzeko? Begiratzen dut eta ikusi ere bai zergatik ziren garai txarragoak. Baina urrutiago ere ikusten dut garai askoz hobeagoetaraino. Zer? Horretaraino ezin dela begiratu? Nork esan du hori? Gure menperatzaileak.
Hori eskatzea bekatua da zeren “hori eskatzen dute terroristek, eta horregatik hori eskatzeak terroristengana hurbiltzen zaitu”. Horregatik dominatuak beti ibili behar du esaten: ez, ni ez naiz terrorista. Ez nahasi gauza bat bestearekin. Zuek esaten duzuen terrorista horiek sortu baino lehenagotik hemen, hemengoek, gauza bera eskatzen zuten. Begira bestela zer jartzen duen Iruñeko gure eskubide edo foruen aldarrikatzearen alde duela 100 urte egin zen oihuaren oroitarrian: “Guk, euskaldunok, kanpokoari atea zabaltzen diogu, baina ez dugu haren aginterik onartuko. Jakin ezazue zuek, gure semeok”.
Gainera, kanpokoa ez zen barrukoak atea irekita sartu, baizik atea botata. Ez litzateke txarra orduko diputazioak argitaratu zituen bi liburu irakurtzea. Etortzekoak ziren belaunaldiek jakin zezaten idatzi arazi baitzituen “Naparroaren eskubideak” eta “Foruen kontua”. Horiek irakurtzeak ulertaraziko lituzke gauza asko, eta bat garbi utziko luke: orduko eta gaurko oihuak berdinak direla. Orduan ere aginteak, Espainiak egiten zituen gehiegikeriak ez zituztela onartzen. Zergak handitu, eskubideak ukatu, hizkuntza zapaldu eta irakasleak kanpotik ekarri izaera aldatzeko, nortasuna galtzeko. Eta lortu zuten. Bestela, begiratu ehun urtez zenbat aldatu diren gauzak. Gaurko Naparroa Garaiako agintariak idatzi baten izenburuan jarri du: “100 urte askatasunean”. Azken ehun urte hauek horrela aurkezten baditu, zertaz hitz egingo dugu berarekin? Eta agintari dago.
Zenbait euskaldunok Naparroako erreinuaz hitz egiten dugunean, horrek esan nahi zuenez hitz egiten dugu. Nor bere buruaren jabe izateaz, nahiz eta zatika inguruko indarrek geure lurretan maizter izatea lortu.
Gaurko egunean, herri honen dominatzaileek jakin beharko lukete ezinezkoa dutela gu guztiz domatzea, eta guk ikusi beharko genuke menpean egonda zein izan daiteken gure indarra. Larunbatean ikusi zen multzo dezentea egiten dela denak batu ezkero. Elkar ulertu, akatsak zuzendu zer ginen jakinda, eta denok batera esan zer nahi dugun izan. Eta ez ahaztu dominatzaileak gu domatu nahian jarraituko duela.
Etxea hor dago, estalkirik gabe, hormak lehertuta, urik eta surik gabe eta, era berean, pisu berri bat eskaintzen digute kalefakzio eta guzti. Zer egin behar da? Pisu horretara joan eta lehengo horma zaharrak bota inor azpian hartu ez dezaten guztiz erortzen danean, edo sua pizteko egurretara joan, ubideak garbitu eta hormak konpondu? Etxe honek toki asko dauka bakoitzak bere gela nahi duen erara janzteko, baina etxearen oinarriak, zutabeak, hormak eta sutondoa zain daude.
Errespetuz eta pluraltasunez asko hitz egiten da, bai eta horien faltaz ere. Ez ote da lehenengo errespetu falta horma zaharrak botatzea? Ez ote dago pluraltasunik nork berak bere etxeko gela bere modura jantzi eta antolatzen duenean?
Etxea konpontzeko denok egin behar dugu lana. Izan ere, aise hitz egiten dugu konponbideaz, baina horrek ez du esan nahi bidea hartze hutsak gurea konponduko duenik. Eta nik zalantza bat badut: berdina al da politikaria asteburuko ekitaldietan eta astegunetan? Zenbat politikari behar da etxeak bizitzeko moduan iraun dezan… politikaririk behar bada?