Elias Mendinueta Alustiza eta
Mirari Bereziartua Arozena
Ikasberri,
Azpeitiko ikastola
Auzoko
bi Estatuek Euskal Herrian dituzten hiru administrazioetatik hainbat momentutan
jaso ditugu lurralde guztietako ikastolek publifikatzeko eskaintzak. Kasu
guztietan publifikatu ziren batzuk lurralde guztietan. Baina denetan gordinena
eta handiena 1993an Euskal Autonomi Erkidegoko Euskal Eskola Publikoaren
Legearekin eman zen. Horregatik merezi du hamar urte pasa ondoren aztertzea.
Bide
horretan miseriak asko izan ziren arren ez dugu balorazioa hortik egingo. Geure
nortasunetik egingo dugu azterketa, hau da, gure herriaren historia zaharretik
abiatuta.
Herri
honetan ezin gara dedikatu bakarrik kentzen digutena behin eta berriro sortzera.
Lortu behar duguna zera da, geurea denari gorputz juridiko- administratibo
propioa ematea. Eta hori, bakarrik, geure Estatua (bir)eraikiz egin dezakegu.
Horregatik, historia kontutan izanez, gaurko errealitatea gure identitatearen
arabera gauzatzeko, guztion indarrak hori burutzeko estrategiak
bideratzen ipini behar ditugu.
1993ko
EAEko Euskal Eskola Publikoaren Legearen ondorengo hamarkada hau aztertzeko,
maiatza eta ekainean gogora ekarri berri ditugun bi datek ematen digute parada:
-
1521.eko ekainaren 30ean Noainen jazotako erasoa
euskal nortasunari:
·
Geure lurrak (1200ean kendutakoaz gain
berriro beste zati bat) Gaztelak konkistatu zizkigun.
·
Ondorioz, geurea zen egituraketa
politiko-juridiko-administratiboa indarrez aldatu eta Gaztelakoa inposatu
ziguten.
·
Ondorioz, gure hizkuntza eta kultura
euskarri administratiborik gabe utzi zizkiguten.
- 1993ko maiatzaren 25ean Gasteiztik erasoa
euskal nortasunari:
§
Gasteizen onartutako Euskal Eskola
Publikoaren Legea: Gaztelak 1200. eta 1521.ean konkistaz inposatutako
arkitektura juridiko-politiko-administratiboari txapela ipini eta horko euskal
eskola geure eskola dela sinestaraztea herri nortasuna eta memoria historikoa
alboratuz.
§
Herrigintzatik herentzian jasotako
proiektu nazionala den ikastola irentsita utzi nahi izan zuten. Noainen ere
anaia arteko borroka bidez irabazi zuen Gaztelak. Orduko Autonomi
erkidegoko funtzionarioak borrokan ipini zituen, Nafarroako erregeak euskal
nortasuna gordetzeko mantentzen zuen erresuma-estatu propioa desegiteko
asmoarekin.
1521eko
garai hartan, besteak beste, Loiolako Inazio ibili zen, Gaztelaren orduko
funtzionario moduan. Errege
gaztelarrak, lehen Nafar mendebaldearekin egin zuen bezalaxe (Gipuzkoa, Araba
eta Bizkaia), bere egiturapean hartu nahi zuen Nafarroako erresuma indarrez.
Oraindik zutik mantentzen zen euskal erresuma-estatua euskal nortasunaren berme
izanik, ekialde eta iparraldeko lurretan Nafar erregearekin. Anaiak anaien
kontra ipini zituen orduan ere Gaztelako erregeak. Ez zuen bere indarrik galdu.
Euskaldunak euskaldunen kontra ipiniz bereganatu zuen euskal erresuma-estatuaren
beste zati garrantzitsu bat.
Ia
bostehun urte pasa ondoren, ordea, 1993an, Loiolan, besteak beste, gelditzen zen
oraindik geure nortasunari eusten zionik, hain zuzen ere berriro irensteko
aukera baten aurrean ikastolari tinko eutsi zionik, betikoa eginez berri:
IKASBERRI.
Bistakoa
da herri honek bere hezkuntza gauzatzeko duen arazoa nagusiki ideologikoa dela.
Horregatik ezin du izan ikastolak publikoa, termino horrek Administrazioarena
dela adierazten duelako eta guk Euskal Herri osoarena den
hezkuntza-administrazio propiorik ez dugulako
oraindik.
-
2003an jarraitzen dute oraindik erasoak egiten
euskal nortasunari:
·
Komunikabide arloan proiektu nazionala
zen Egunkaria itxi (aurretik Egin),
egunotan Garari erasoak…
·
Partidu politiko bat indarrez
ilegalizatu.
·
LOCErekin hezkuntzaren kontrol
ideologiko espainola areagotu eta ikasleengan menpekotasun jarrerak inposatu.
·
Autonomi Erkidegoko Legebiltzarra
menpeko izateaz gain makurtu arazi nahian dabiltza eta desegiteko ezkutuko
asmoekin.
Hezkuntza eremuari dagokionez
beraz, argi dago Estatutuaren garapenetik hasita, bai LOGSEn,
bai 1993ko Erkidegoko Euskal Eskola Publikoaren legean, eta zer esanik
ez, PPren eskutik ondoren etortzen
ari diren LOCEn eta hainbat dekretutan, estatu espainolak beti zaintzen duela
espainoltasuna bermatzea, mekanismo politiko juridiko eta administratibo tinkoak
ipiniz eta kontrolatuz.
1993koak aukerak ematen zituen
komodidadearen aldetik, (lana betirako, arazo ekonomikorik ez, erantzukizuna
Administrazioarena…). Ikastolari eustea aukeratu genuenok, aldiz, harro
sentitzen gara hartutako erabakiarekin.
Argi ikusten genuen ikastolen
prozesu historikoari begiratuta, ikastolen etorkizuna erabat lotuta doala Euskal
Herriak nazio bezala bere burujabetasuna lortzeko daraman prozesuarekin. Euskal
Herriak, herri guztiek bezalaxe, hezkuntza zerbitzua antolatu beharra dauka bere
nortasuna bermatzeko, bere eskola nazionala eta unibertsitatea egituratuz. Eta
horren euskarri bakarra, beste estatu guztietan gertatzen den bezalaxe, euskal
estatuaren egituraketa izango da.
Hortik dator, ikuspegi
historikoaren jakinduriatik hain zuzen ere, etorkizuna bermatzeko herritarrak
geure lekuan lanean aritzearen garrantzia, dena osorik alderdi politikoen esku
utzi gabe, interes politikoek egoera konplexuak izaten dituztelako eta egoera
arriskutsuetan ibili beharra izaten dutelako.
Horregatik, dena berdina ez
delako, 1993an izena eta izana mantenduz eutsi egin genion ikastolari, Euskal
Eskola Nazionalaren abanguardia izaten jarraitu nahi dugulako Euskal Herriak
berea duen egitura politiko-juridiko-administratiboa berriro eskuratzen duen
bitartean.
Aipaturiko guztiagatik, proiektu
nazional honi eutsi ziotenei, egindakoaren aitorpena eta eskerrak eman nahi
dizkiegu. Egoera oso zailean Euskal Herriaren etorkizunarekin konprometitu
zirenei, bai 1993an Autonomi Erkidegoan, bai
aurreko eta ondorengo urteetan Nafarroa Garaian eta Iparraldean,
Gobernuetatik luzatutako eskaintzen aurrean, herritarrengandik jasotako
ikastolen herentziari eusteko konpromisoa hartu zuten guztiei, guraso,
profesional, ikasle eta herritar laguntzaileei.
Eta
herri honen historiak behar duen argitasunagatik eta zor diogun errespetuagatik,
bakoitzari bere izena errespetatzen hasteko ordua da,
dena berdina ez delako. Ikastolari
eusteko aukera egin genuenok ikastola
izaten jarraitzen dugu, geure Administrazio propioa lortu arte publiko ezin
dugulako izan. Eta Erkidegoko Euskal Eskola Publikoa izateari baietza eman
ziotenentzat hori da beraien izena.
Beraz,
bakoitzari berea. Noaingo garaiko euskaldun leialei ere Loiolako Inaziok esan
zien lasai jartzeko Gaztelaren esku, berdin jarraituko zutelako euskaldun
izaten. Atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu, baina bakarrik gertatukoa
gogoan badago. Indarpean bizi denak, bizirauteko, ezinbestekoa du ahazteari
lekurik ez ematea. Memoria bizirik gordetzea.
Ikastolon
ibilbidean euskalduntasunaren bidea jorratzerakoan euskara izan da orain arteko
lehentasuna. Orain, horrekin batera, bai geure kulturaren diseinuan eta bai
geure lanetan, memoria historikoa errekuperatzea izan behar du, gure ustez,
estrategikoa. Hori bihurtu behar dugu Euskal Herriaren etorkizunaren motorra,
gure seme-alabak euskaldun hezteko
modu bakarra delako.