Euskal
herriaren nortasuna
Iñaki Perurena
Urratuta dagoen bidearen nondik norakoaren bila dabilen herria gara. Batera eta bestera joaz, okerreko bideak hartuta ere bai, baina hori aurrekoaren ondorioa da; edo bestela, zer pentsatu behar da, herri honetan mutazioren bat gertatu dela jatortasunez ezagutzen zena gaizkile izatera pasatzeko? Izan ere horixe diote gure argiak itzali eta gure bideak urratu dituztenek.
Duela gutxi pistolak utzi behar ziren, baina gaur gure hitzek, nonbait, kalte berdina egiten omen dute eta gure buruetan ez omen dago zentzurik. Hemen euskal herriaren fantasma dabilela irakurtzen nuen lehengoan. Uste dut hildakoren baten espiritua izan daitekeela fantasma. Herri hau, justuan eta gaizki, baina bizi da, eta hortxe dago koska; euskal herritar sentitzen garenok bizirik jarraitzea nahi dugula. Hori bakarrik ez. Behar bezala bizitzea opa diogu. Nola onartuko dugu horren bila aritzea terroristen nahiei amen egitea denik?
Burujabetza
Herri honek, behar bezalakoa izateko, burujabetza nahi eta nahi ezkoa du. Hori besteetaz ahaztea omen da. Hori esaten ari dira espainiarrak. Niri, guk burujabetza nahi izatearen arrazoia gure nortasuna ezagutzeak argitu dit.
Gauzak
konpontzeko nahia balego hasi beharko litzateke azaltzen hemen noiz hasi zen
terrorismoa eta noiz herria horri aurre egiten. Jakina, horretarako batzuek eta
besteok berriro azaldu beharko dugu geren ustetan zer den euskal herria.
Herri hau bere buruaren jabe izatetik besteren menpe egotera pasatu zenean, horrexek eman zion, hain juxtu, jende askori, hemen lehendik herri bat inoiz izan ez balitz bezala bizitzeko aukera. Merezi du gogora ekartzea lehengo egunean Iñaki Sagredok egiten zuen galdera esanguratsua: zerk bultzatzen du bertako bat bereari uko egin eta menperatzailea besarkatzera?
Herri honek, bere buruaren jabe zenean, kanpotik etortzen zirenekin harremanak eta borrokak izan zituela badakigu, eta horrek sartu zituen gure izatean, hau da, hizkeran eta izakeran. Nabariak dira kanpotik etorritako arrotzen sustraien eraginak, onerako nahiz txarrerako. Baina indarrez baliatuta eta gezurrak erabiliaz hemen sartu, bertakoak txikitu, izatea bera ukatu… Horrek ez du zer ikusirik kulturen arteko besarkadarekin. Eta hori gertatu zen, nahiz eta duela urte batzuk bezala orain ere ukatzen jarraitu nahi duten batzuek.
Lur honetan bizi den jende askok “vascos de España o de Francia”-tzat jotzen du bere burua. Horiek garbi azaltzen dute bere izate horren kontrako jarrera dagoela hemen; baina, horren kontrako jarrerarik noiz ez da egon? Hain zuzen ere, bere burua espainiartzat eta frantziartzat dutenen jarrera horrek indarraren bidez itxi izan dizkie ateak horrela sentitzen ez zirenei.
Gure menperatzaileek ez dute onartzen hemen herri bat lehendik dagoela. Euskararen herria. Eta guk hori ezin dugu onartu.
Katua
Katu bat harrapatu nahian edo larre behi bati umea kendu nahian hasten bazara, ez harritu zauriak jasotzen badituzu. Zer esan nahi du horrek? Gaiztoak direla? Zure etsaiak direla? Edo bere burua eta berea duen ume hori defenditzen ari direla? Hain zaila al da euskal herria hori egiten ari dela ulertzea?
Garbi esan dezagun: ez gaude inoren kontra. Lehen ere izan genituen eta gero ere izan nahi ditugu ingurukoekin harremanak. Ongi ulertu dadila Gamazadaren ondorioz Iruñean eraikitako oroitarriak dioena: “Arrotzari atea ireki eta etxea eskainiko diogu, baina ez dugu inoiz haren aginterik onartuko”. Hori bai, Iruñeko oraingo agintariek diote ordukoa pacto y libertad izan zela, eta Iruñean agintzen duen egunkariak ez du aipamenik ere egiten beste napar batzuek abenduaren hiruan zer eta nola esan genuenaz handik metro gutxira.
Zoritxarrez odol gehiegi isuri da lur honetan. Milaka aldiz terrorismo gehiegi izan da. Terrorismo guztia gehiegi baita, edonolakoa eta edonondik datorrena. Ia nor ausartzen den terrorismoa eta horri aurre egitea terrorismoa izaten hasten den unea bereizten duen marra jartzen.
Hemen biktimak alde guzietan daude. Herri honen ukazioa hasi zenetik bertatik. Etorkizuna argitu eta lantzeko beharrezkoa da ETAren su etena, honek lagunduko lukeelako egin behar den lana egiten, nahiz eta hori gertatu dela ziurtatzeko denbora beharko litzatekeen. Horren aurrean jarrera jakin batzuk ikusiko lirateke. Horrek ez luke hemengoa konponduko, baizik eta konponbidea aldatuko.
Naparroa Osoa
Gehiegitan esaten da herriak bere borondatea botoen bidez azaltzen duela. Has gaitezen galdetzen zer borondate azaldu dezakeen zein nortasun duen ere ez dakienak. Eta has gaitezen, behingoz, denok batera nortasun hori berreskuratzen. Bestela, herri hau fantasma bihurtu nahi dutenek lortuko dute.
“Naparroa Euskadi da” esaten duenak ez baitu ulertzen Euskadi Naparroa dela erantzundakoan, zeren menpekotasunean jaiotzeak hori ez ikustea baitakar. Burujabetza bizitu ez izanak hori arrotz ikustera daramatza hainbat, eta horrela ikusteak beldurtzera.
Galde dezagun zer kendu zaion euskaldun bati euskarak ez duela balio sinistu eta esatera iristeko.
Galdetu beharko diogu gure buruari burujabetza zer den, eskubidea, nahia ala beharra; bide berri bat irekitzea ala lehengo bidea konpondu eta berreskuratzea.
Galderak egiten ez baditugu eta erantzunak aurkitzen saiatu, norbaitek guk egiten ez ditugun galderei bere erantzuna ederki emango die.
Herri honen ukazioa aspalditik etortzeak kale nagusia hasten den tokia bera inguruko auzoa dela uste izateraino garamatza. Nire ustez lema batek gauzak garbi utz ditzake: bat zelako eta bat dugulako saiatu batzen. Batasun lan horretan menperatzaileen arauei jarraikiz inor baztertzea onartezina da.
Badirudi Europa izango dela etorkizuna eta, aizue, mahai batean biltzeak ez du esan nahi plater berdina erabili behar dugunik. Uste al duzue Europan, guri mahaia gordetzeko eskatzen badiegu, noren izenean galdetzen digutenean, ez direla oroituko lehen ere mahai bat bagenuela hor naparrok?
Hiru erreferente garrantzitsu ikusten ditut nik: Orreaga, Simancas eta Gamazada. Aztertu dezagun zeren ondorio ziren eta ulertuko dugu zergatik gabiltzan horrela.
Lur honetan lau ikur daukagu: milaka urte dituzten harrizko ikurrak -ilargiak argitzen dituen gure hilarriak lekuko-, herri hau bere buruaren jabe zeneko ikurra, menperatzaileek jarri digutena, eta azken 100 urteotan ukazioari aurre egitearren herritar askok beretzat hartu dutena. Maratoilariak ez dira sprintean hasten korrika. 1000 urtez kendutakoa ezin daiteke egun bakar batean berreskuratu.
Zein da helburua? Burujabetza eskatzea ala estatus on bat lortzea?
Euskaldunok ulertzen dugunean zatiketa aurretik gure lurra Naparroa deitzen zela, Europan presente zegoena, eta ikusten badugu zerk ekarri gaituen gaurko egoerara, eta behar duguna denok batera eskatzen badugu, ez izan zalantzarik ukatzea zailago egingo zaiela.
Horretara iristeko ezinbestekoa dugu abiapuntuaren oinarri zuzena ezartzea: Naparroa Osoa.