Zergatik aukeratu
ikastola?
Mirari Bereziartua
eta Elias Mendinueta (Ikasberri, Azpeitiako Ikastola).
Gure seme-alaben hezkuntzarekin erabakiak hartu beharrean aurkitzen ari
garen urte sasoi honetan beharrezkoa dugu guztiok, gure erabakiak norantza
eramaten gaituen jabetzea.
Egun batzuk besterik ez dira pasa Egunkaria indarrez kendu digutenetik.
Baina gehiagotan egin digute gauza bera eta askotan ez dugu ezagutu ere egiten.
Horregatik egunkariarena bizirik mantendu behar dugu, konponketa emateko gai
izateko eta aurrekoak gogora ekarri behar ditugu, ezagupenetik geure eskubideak
erabili eta geuk nahi dugun bezala etorkizuna eraikitzeko.
Horregatik gure une honetako gogoeta eta leloa : Ikastola, memoria
historikotik hasiz eta etorkizuneko erronkari eutsiz Euskal Eskola Nazionala
egiten.
Estatu guztiek dute
bere eskola sistema.
Euskal Herriak, herri guztiak bezalaxe, hezkuntza zerbitzua antolatu beharra
dauka bere nortasuna bermatzeko. Hitz gutxitan esanda: gaur egungo euskaldunak
egiteko helburua duen eskola nazionala eta unibertsitatea. Eta
hori euskara irakastea baino zerbait gehiago da.
Estadu guztiek antolatzen dute hezkuntza sistema norbere herriaren nortasuna
gordetzeko. Estadu frantsesak, frantses nortasuna bermatzen dela kontrolatzen du
eta Estadu espainolak, espainol nortasuna bermatzen dela kontrolatzen du.
Dena berdina ez
delako guk betiko ikastolari eusten diogu.
Estatu espainolak erreforma politikoa egin zenean Estatutoaren bidez eta
ondorengo garapenean, beti zaindu izan du estatuko biztanle guztien
espainoltasuna bermatzea.
Autonomia Estatutoen bitartez zenbait ahalmen ematen joan badira ere Gobernu
espainola eta frantsesa gero eta ausartagoak izaten ari dira beraien nortasuna
bermatzeko mekanismoak eta jarrerak inposatzerakoan.
Eskola eremuari dagokionez, argi ikusi bagenuen 1993ko Erkidegoko Euskal
Eskola Publikoaren legean, zer esanik ez, PPren eskutik ondoren etorri diren
legeetan eta datozen dekretuetan.
Horregatik, dena berdina ez delako, 1993an izena eta izana mantenuz
Ikasberrikoek eutsi genion ikastolari, bailaran bakarrik geldituz.
Herri honetan A,B eta D baino
sakonagokoa da kontua: euskaldunak
egitea bermatzen duen eskola behar dugu. Egunkariarekin gertatzen den bezalaxe.
Ez da berdin Euskaldunon egunkaria, eta Estatuko egunkari bat euskaraz itzulita
ateratzea.
Gure eskola sistema
geure historiarekin lotu beharra.
Euskal Herriak ez du osorik hartzen
duen Administrazio propiorik. Historikoki Europan izan genuena, eta indar militarrez kendu zitzaiguna, ez
bakarrik ez dugu errekuperatu, baizik eta horrez gain, nola izan zen ahaztu eta
nahasteko egoeraraino ekarri gaituzte.
Argi dago, zerbait nahi izateko lehenengo ezagutu egin behar dela.
Horregatik ezin du inork Pirinioetako herri zahar horren kide bezala harro
sentitu, eta hori aldarrikatzeko jarrera izan, ez badu ezagutzen, bera, herri
horretako kide denik ere.
Zenbaitengan, gehienez ere iraun duen sentimendu bakarra euskararekikoa izan
da eta horren arabera gabiltza bidea egiten.
Ikastola,
herrigintzan, Euskal Herriaren eskola nazionala egiten: geure herria
erreferentzia izanik, herritarren eskutik,
herritarrentzat.
Ikastolen prozesu historikoari begiratuta argi ikusten da ikastolen
etorkizuna erabat lotuta doala Euskal Herriak nazio bezala bere burujabetasuna
lortzeko daraman prozesuarekin. Eta bide horretan herritarrak ez gara geldirik
egon.
Ikastolen ibilbide historikoan herritartasuna du ikastolak bere
ezaugarri nagusienetakoa. Beraz, helburua bada euskaldunak egitea, bai
helburu horri, eta baita hori lortzeko martxan ipintzen den funtzionatzeko
moduari dagokion ezaugarria da herritartasuna. Biak elkar loturik. Hau da,
helburu nagusia bermatzen dela kontrolatzeko, euskal herritarrei eskaintzen
zaien zerbitzu publikoa, herritarrek beraiek zuzenean zaintzen dutena.
Ikasleekiko jarrera
aldaketa, gurasoen papera eta pertsonal konprometitua : hiru erronka nagusi.
Horrez gain eta horren harira, badira beste zenbait ezaugarri garrantzitsuak
direnak. Bat euskal nortasuna bermatzearena bada, bestea geure ikasleekiko
jarrera da. Hain zuzen ere beraien
etorkizuna burua altxaturik, norbere buruaren jabe izaten ikasten lagunduko dien
jarrera. Beraz menpekotasun jarrerak ez dute lekurik izan behar gure
ikastoletan.
Eginkizun horretan, bestalde, izugarri garrantzitsua da, proiektu horrekiko
bertako pertsonal guztiaren atxikimendua lortzea.
Eta hori guztia bermatzeak hezkuntzan suposatzen duen eraldaketa benetan
eman dadin, ezinbestekoa da gurasoek proiektu guzti hori eskutik eramatea.
Ikastolok, gurasoek zuzenean erabakitzeko ahalmen hori duten zentru
bakarrak gara. Eta hori izan da, ez bakarrik baina bai nagusiki, historikoki,
ikastolaren mugimendua momentu gordinenetan ere bizirik mantendu duena.
Euskaldunok, hezkuntza eremuan egin dugun ekarpen original hau, geuk uste
baino garrantzitsuagoa delakoan gaude. Batez ere munduan zehar lurralde
txikietan hedatzen diren herri zaharrak beraien nortasuna gordetzeko behar duten
antolaketan.
Hori guztiagatik, oraindik, Euskal Herriak bere Eskola Nazionala eta
Unibertsitatea izateko, ikastolak beharrezkoak dituelako, eta seme-alabak,
euskaldunak izan eta hezkuntza onena jasotzeko merezi du ikastolaren aukera egiteak.
Gogoeta hauek egitera bultzatzeko antolatzen dugu ikastolok bigarren
Euskal Eskola Nazionalaren aldeko eguna martxoaren 30ean.