ANDONI BEROIZ ZUBIZARRETA

 

Txikiekin entrenatzen egon ostean, mendira korrika egiten joan nintzen, eta 20:05etan jeisterakoan, dutxan sartzera nindoala, ertzain batek, plaka aurrean zuela, nire ikasle batzuen aurrean atxilotu ninduten. Atxilotze agindua erakutsi zidaten kotxean geundela. Frontoitik, Galdakaoko ertzainen koartel aurrera eraman ninduten, handik etxera, miaketa burutzera. Bertan azaldu zidaten atxiloketaren zergatia, TERRORISMOA, hain zuzen, “COLABORACIÓN CON BANDA ARMADA” zela adierazi zidaten, azkenean nahiz eta horretaz epaitu ez.

Atxiloketaren momentuan ez zen bortxakeriarik egon. Kotxean leku batetik bestera eramaten nindutenean, burua behera eta eskuak atzean esposatuta nituela eramaten ninduten. Trapu batekin estaltzen zidaten burua, eta esposak gogor eta estu jarrita nituen. Gaur egun, “muñequera” batzuk dauzkat, leku batzuetan sentsibilitate falta dudalako. Jarraian eraman ninduten etxeko miaketa egitera. Ama eta biok aurrean egon ginen. Euren jarrera, harrotasunez beterikoa izan zen. Gero, aita iritsi zen eta ez zioten etxetik ibiltzen utzi nahi. Niregana hurbiltzen saiatu zen, baina ezin. Kristonak bota zituen ertzainen aurrean, eta esan ere esan zioten, erregistroa oztopatzen saiatzen bazen, hura ere atxilotua eramango zutela. Izugarria... erregistrotik jaistean, telebista eta lagunak etxe azpian zeuden. Etxean, euren artean komunikatzen ziren eta azkenean, presa ere sartu zitzaien, denboratxoa eman baitzuten, etxea hankaz gora uzten.

Etxetik berriz ere Galdakaoko koartelera eraman ninduten, eta bertan, zelularrean nengoela, ertzainak zirikatzen eduki nituen une oro; etxetik irtendakoan entzundako oihu guztiak ahazteko, handik aurrera nireak baino ez nituelako entzungo... bazileoan egon ziren.

Handik, Arkautera abiatu ginen. Bidaian, ez zidaten ezer esaten, zelularrean, zulo txiki batean sartua baitnengoen, gorputza justu-justu sartzen zitzaidan. Bidaia amaigabea egin zitzaidan, postura berdinean egon ostean, ipurdia gogortua baitnuen.

Ziega hotza zen oso. Neurriak, gutxi gora behera, 6 m x 3m. Altuera, 5 m inguru. Bertan jartzeko, harrizkoa zen leku zegoen, manta bi eman zizkidaten, eta hirugarren egunetik aurrera, bertan etzateko aukera izan nuen. Baina bost egunak lo egin gabe pasatu nituen, foku bat etengabe baitzegoen argia ematen. Galdeketak egiteko gelak, paretsuak ziren. Bi gelatan egon nintzen, mahai bat eta aulkiak zeudelarik.

Galdeketetan, noizean behin kolpatzen ninduten, buruan kokotekoak eta belaunak flexionatzeko hanketan ostikoak ematen zizkidaten. Etengabe postura anomaloetan jartzen ninduten, eurek “postura de gozar” deitzen zioten. Lehen eguneko 14 ordutan, ordu beteko 8 galdeketa jasan nituen, denetan aipatutako postura horretan egotera beharturik, belaunak flexionaturik. Besoak atzean, ipurdia aterata eta burua beherantz ere izan behar nituen. Postura honetan, galdeketa batetik bestera ziegan pasatzen nituen 15 minututan ere egotera behartzen ninduten, “ohean” etzaten utzi gabe. Galdeketan, behatzak kolorez aldatzen zitzaizkidanean, orduan eramaten ninduten ziegara hamabost minutuz, “atseden hartzera”.

Lehen egunean, ospitalera eraman ninduten, besoan, TENDINITIS BIZZIPALA nuela. Medikuak, beti presaka ibiltzen ziren, ahalik eta azkarren lanean hasteko. Ospitalean, hiru alditan egon nintzen, eta euren jarrera harroa, begibistan gelditu zen mediku eta bertan zegoen jendearen aurrean.

Postura haietan egotearen ondorioz, izugarrizko agujetak izan nituen gerora. Batzuetan, erori ere egiten nintzen indar gabe sentitzen nituelako hankak. Momentu haietan, inpotentzia sentitzen nuen, baina ordu asko aurretik nituen, eta eurek ere hori da bilatzen dutena, fisikoki eta psikologikoki haustea.

Aurretik, beste atxilotu bati aulki bat apurtu zioten ondoan, eta aulkiaren besoarekin mehatxuak etengabeak ziren. Batzuetan, belarri ondoan hormaren kontra bortizki astintzen zuten objektua, eta beste batzuetan, ipurditik sartzeko amagoa egiten zuten “postura de gozar” hartan nengoela. Momentu haietan, umiliazioa erabatekoa zen.

Ziegatik komunera, galdeketetara eta deklarazioa egitera, buruan toaila bat jarrita eramaten ninduten, ezer ikusi ez nezan. Ertzain batzuk enkaputxaturik zeuden, baina gehienak ez, eta batzuk gazteak zirela ikusi nuen, 28 edo 30 urte bitartekoak; zaharrenak, 43 urte izango zituen. Ikusmenean galderen ondorioak nabaritu nituen, nekea...

Soinu bidezko erasoa etengabea izan zen, oihuak, zartak belarrietan, etengabe soinuak entzuten nituen. Galdeketak egiteko orduan ere, musika tetrikoa jartzen zuten, eta horrela banekien galdeketako ordua zela. Soinu bortitz eta oihuak, komisaldegiko egun guztietan gertatu ziren. Batzuetan, belarrietan soinuak entzuten nituen, oihartzuna edo...

Ziegako fokua etengabe piztuta zegoen eta ondorioz, ezin izan nuen lorik egin; “desfase” tenporala izugarria izan zen, ez bainekien ze ordu zen, zenbat geratzen zitzaidan Madrilera eramana izateko... irrikitan nengoen Arkaute atzean uzteko.

Mehatxuak ere presente egon ziren. Ez banuen eurekin kolaboratzen, Guardia Zibila enkargatuko zela... aita txarto egon zenaren berri zuten eta honen kontura ere, komentarioak egiten zizkidaten, ez nuela berriz ondo ikusiko, puta seme deitzen zidaten, umeen hiltzailea nintzela, Euskal herriko ----- soziala ginela. Behartu ninduten beraien buru zenari puta semea deitzera, bere ama puta zela eta deitzeko. Mehatxuak anitz izan ziren, baina denak burura ekartzea lan gaitza izanen da. Umiliazioak ere jasan nituen.

Galdeketetan, onaren eta txarraren papera egiten zuten, nahiz eta askotan ona txarra izatera pasatzen zen.

Aitorpenak sinatzera behartu ninduten, betiko posturetara bueltatzeko mehatxupean... Beste torturatu bat entzun nuen, gelak bata bestearen ondoan zeudelako, baina gehienbat, torturatzaileen oihuak entzuten nituen etengabe. Tenperatura aldaketarik ez nuen nabaritu, hotza zen nagusi. Azkeneko egunean, dutxatzen utzi zidaten, entrenamendu egunetik dutxatu gabe nengoen, etxeko erregistroan nahiz eta eskatu, ez baitzidaten utzi. Komisaldegian pasatutako egunetan, ez nuen lorik egin apenas. Jatera behartu ninduten, baina beti enbasatutako janaria eskatzen nuen. Tendenitis-a sendatzeko, Voltaren kapsulak eman zizkidaten, beraiek ematen zizkidaten ogitartekoak jateari uko egiten nionez, pastekin, izugarrizko tripako mina izan nuen. Medikuarengana joatea eskatu nuen, baina ezetza eman zidaten. Behin, “buruak” ogitarteko bat ekarri zidan eta jan arazi egin zidan. Azkeneko egunean, medikuarenganas eraman behar izan ninduten, analisiak egitera behartu ninduten medikuek, tripan pintxazo bat nuelako. Pastila batzuk eman zizkidaten tripak lasaitzeko. Berriro presak, baina medikuak lasai egoteko esan zien, analisien emaitzen zai egon behar genuelako.

Komisaldegian ikusi ninduen medikua, neska bat zen. Bi aldiz etorri zen, eta mediku forentse bezala identifikatu zen arren, ez zidan inongo karnetik erakutsi. Galdeketak jasaten nituen ondoko gelan ikusten ninduen. Bertan ez zegoen  ez kortinarik, ez ispilurik... mahai bat soilik. Ertzainak kanpoan geratzen ziren. Jasandako tratua salatu nuen, eta berak nik esaten niona idazten zuen, eskumuturrak gaizki nituela, tendinitisarena... Bere jarrera, ez zen apartekoa izan. Eskumuturrak eta besoa begiratu zidan, eta ikusitako guztia apuntatzen zuen. Egiten dudan balorazioa, nire egoera ikusita, nahikoa hotza izan zela iruditu zitzaidan. Etorri zen bigarren aldian, nirekin denbora gehiago geratzeko eskatu nion, torturatzaileen eskuetara beranduago heltzeko... baina ez zidan kasu gehiegirik egin, barre itxi bat baino ez zuen egin.

Ospitalera, lehenengo aldian euren aginduz eramen ninduten, eta beste bietan, nik eskatuta. Lehenengo aldian, errebisio soil bat egin zidaten, eskumuturrak ere begiratu zizkidaten, baina ezer berezirik ez. Bigarren aldian, besoa txarto nuelako, errediografia batzuk egin zizkidaten eta Voltaren pastilak bidali zizkidan, TENDINITIS BIZZIPITALA baitnuen. Hirugarren aldian eraman nindutenean, tripa begiratu eta pintxazo bat nuela atera zuten. Odola atera zidaten, tentsioa, pultsua eta tenperatura hartu zizkidaten. Azkenik, pastila batzuk eman zizkidaten tripak egokitzeko. Ospitalera eraman nindutenean sentitzen nuena, eskumuturretako mina zen, besoan min handia, eta tripan era nahikoa mina. Ospitaleko tratua oso ona izan zen. Ertzainak presaz zebiltzan, baina beraiek lasai ibiltzeko agintzen zieten. Ni aztertzen nindutenean, ertzainak presente zeuden.

Dependentzian egindako deklarazioak, aurretik prestatuak izan ziren, eta mehatxupean egindakoak. Ofiziozko abokatuen jarrera oso hotza izan zen. Deklarazio bi egin nituen eta ez zuten deusik esaten. Abokatu bi ikusi nituen, eta lehenari galdera bat egitean, bere erantzuna honakoa izanzen “¡pero no has leído el papel que te han dado para leer!”. Nire galdera, izan zen ea galdera bati erantzutera behartuta nengoen, baina ezerezean geratu zen. Ertzainek, galderak eta nik esaten nuena ordenadorean apuntatzen zuten, beno, eurek mehatxupean esatera behartu nindutena. Esan zidaten agindutakoa egiten ez banuen, tratua bortitzagoa izango zela. Deklarazioa egin eta gero, tratua bortitzagoa eta txarragoa izan zen, erakundearekin mehatxatzen hasi baitziren, eta gauza berriak esatera behartzen ninduten.

Entzutegirako bidaia oso deserosoa izan zen, zelularrean neukan lekua oso murritza zelako, eta lau orduko bidaia amaigabea iruditu zitzaidan. Bertan, ondo egon nintzen, hiruk  batera kointziditu genuen eta gure artean animuak ematen aritu ginen. Mediku forentsea etorri zen eta tratu txarrak salatu nituen, komisaldegian bezala.

Epailearen aurrera eraman nindutenean, dena ukatu nuen eta mehatxupean egindako deklarazioa sinatzera behartu nindutela esan nuen. Epaileak nahikoa desinteresatua ematen zuen, euren artean hitz egiten zuten beste gai batzuen inguruan. Eta abokatua ere, hotz zamarra. Entzutegira eraman baino lehen mehatxatu ninduten, beste egun bi inkomunikatzeko aukera zutela, eta eurek esandakoa betetzen ez banuen, ikusiko nuela... Nire egoera animikoa eta fisikoa nahikoa ahula zen, baina momentuan, indartsu ikusi nuen nire burua. Bueltaka zebilzkidan, baina momentuan buruak ondo erantzun zuela uste dut.

Espetxera heltzean, errekonozimendu medikua egin zidaten, gaixotasunak, pisua, altuera... Orain, medikuak tuberkulosiaren kontrako txertoa eman dit, eta 3 egun barru, odol analisi batzuk egingo dizkidate.

Egun latzak jasan eta gero, ondorio batzuk ditut. Besoa minduta daukat, eta burua oraindik bere lekuan jarri gabe daukat. Beti esan izan dut Arkauten psikologiako kurtso aurreratuak ematen dituztela, eta orain ikusten dut ez dela pentsamendua soilik, errealitatean baizik. Ederto asko betetzen dute Madrileko edozein agindu.